XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GUK Taldea Parisen Herriaren mezulari

Abendo hortan muntatua zuen ESKUALDUNA batasunak Euskaldunen Gauan, besta haundia.

Hemengo GAZTERIA dantzari taldea ikusi dugu hor gure begien miresgarri.

Hau urtetik urtera goiti ari dela erraiten badut, eta ez duela Euskal-Herriko taldeeri batere zorrik, hori ez da batere gezurra erraitea.

Herriaren oihartzunak

Herritik etorria zen aldiz GUK kantari taldea.

Bere kantaldian honek erakutsi dauku baduela, bere moldearekin, bere leku zuzena euskaldun kantarien artean.

Gitarra lagun, musika hortan eta beren boz ederrekin pasa arazten dituzte Euskal-Herriaren oihartzunak, bai-eta gure herriko biziaren urratsak.

Urrats dorpeak gure herrikoak, zorigaitzez, ainitzen bederen: laborari eta langileen nekeziak, euskara aldiz eta euskaldungoa zapalduak, orok dazkiten injustiziak eta beste...

Holako leloak eta salaketak dituzte segur herriko mezulari gehienek ere, eta GUK taldeak ez gutiago.

Klarki eta fermeki dio zer zuzengabekeria den Euskal-Herriaren bi zati atxikitzea, ez dela zuzen gure herriari behar dituen bizigailuak ez uztea, hala-nola bere lan eskasian eta kulturaren itomenduan kordokan atxikitzea, mintzaira eta ginerateko.

Beste zuzengabetuen artean ez dituzte ahantzi iheslariak eta heien dretxoen kontra eginak direnak.

Ez gerlarik... bakea!

Gerlarik ez beren kantuarekin bururatu dute kantaldia.

Bakea dute ordea kantatzen baina hura ere ez edozein baldintza edo kondizionetan.

Baldintza haietarik bat, nazione ttipiendako: haien nortasuna, berezitasuna, izan dadin zaindua, errespetatua, osoki ezagutua, beren giderrak beren esku, hala-nola sozial eta kultura mailetan.

Hori izanen delarik, orduan Euskal-Herri bat badateke.

Horra nik behintzat zer senditu dudan GUK taldearen kantaldian eta molde berezian.

Inarrosiak bat izan gira barnetik, gure Herriaren beharrak barna barnatik bizi ditugun guziak.

Agian hala-hala hunkiak izan ditela ere folklore maila baino barnago sartzen ez dakiten guziak.

Bake gose bat, horra zen ekarri eta partikatu daukun talde suhar horrek, egiazko bake baten gosea eta xutik bizi nahi duen batena.

Milesker beraz GUK taldeari, bere kantaldi ederraren bidez ekarri digun mezuarentzat.

Beren hemengo itzulia laburra izana gatik, segur izaiteko da berek ere atsegin izan dutela.

Segi dezatela orain beren bidea Euskal-Herriko zazpi probintzietan gaindi, zinez berea duten kar eta talendu horrekin berarekin.

M. Etchenic.